25 urte… eta aurrera goaz!
2021 urtea berezia da, arrazoi askorengatik, baina bereziki gogoangarria izango da gurean, aurten Oiartzo ikastetxeak 25 urte beteko dituelako. 25, bai, azkar pasa da denbora! Urteurrenari heltzeko, atzera eta aurrera begira jarri nahi izan dugu une batez. Horretarako, egun irakasle eta zuzendari diren Helena Santamaria eta Gaskon Etxeberriarekin jardun dugu, eta haien esperientziaz galde egin diegu.
Helena Santamariarekin 25 urte hauetan atzera egin dugu. Izan ere, gaur egun Oiartzon atzerriko hizkuntzetako irakaslea dugu bera, baina ikastetxearen hastapenetan ere izan zen hemen, Haurtzaro Ikastolako ikasketaburu baitzen 1997-1998 ikasturtean.
– Helena, zer dela eta sortu zen Oiartzo?
Erreala zen praktika bat ofizial egiteko sortu zen. Izan ere, Haurtzaro Ikastolako ikasleen jarraipen naturala BBB edo BUP (3 ikasturte) eta UBI edo COU (ikasturte 1 Unibertsitatera joan aurretik) egiteko, Orereta Ikastola zen. Gero, Hezkuntza Erreformari aurre egiteko Haurtzaro Ikastolak BBB antolatu zuen Inaxio Oliveriren garaietan, eta ikasleak UBI egitera soilik joaten ziren Oreretara. BBB gabe, DBH ezartzeko baimenik ez zietela emango aurreikusten zuen Haurtzaro Ikastolak. Garai haietan Joxin Azkue zen Haurtzaroko zuzendaria.
Behin ikasleek Haurtzaro Ikastolan DBH eginda, Errenterian jarraituko zuten LOGSE Batxilergo berria (2 ikastute). Eta hor sortu zen Oiartzo Batxilergo Ikastola, Orereta eta Haurtzaroko ikasleak bilduko zituena. Egoera horri marko ofizial bat ematearren egin zen. Sorrera hartan Haurtzaroko zuzendaria Jaione Ugaldebere zen eta Orereta Ikastolako Bigarren Hezkuntzakoa Fátima González Egiluz.
Izan ere, horixe da Oiartzoko logoaren esanahia: lauburuaren bi hostoek Orereta eta Haurtzaro ordezkatzen dituzte. Eta izena Xabier Oleagak -garai hartan Orereta Ikastolako presidentea- proposatu zuen: Oiartzo, Oiarsso erromatarraren euskal idazkera da.
– Nola oroitzen dituzu lehen urte haiek?
Nostalgia apur batez. Ni Haurtzarotik etorri nintzen. Irakasle gazteenetakoa nintzen Oiartzon. Arituei entzutera eta ikastera etorri nintzen. Urte onak izan ziren. Profesionalki asko estimatu nuen aldaketa, asko ikasi nuen ofizioaz.
– 25 urte hauetan aldaketa asko ikusiko zenituen…
Asko. Ikasleak aldatu dira, gurasoak ere bai. Exigentzia handiagoa dago irakasleontzat, gizartea exigenteagoa den neurrian… Baina nire irudipena da ikasleei lehen baino gutxiago eskatzen zaiela, gauzak gero eta errazago dituztela.
Bestalde, Klaustroetan eztabaidatu eta erabakitzen genuen den-dena. Guregan egun baino konfiantza gehiago zegoela uste dut. Gaur, gizarteak bultzatuta, aldaketa asko ezartzen dizkigute kanpotik.
Aipatu beharrekoa: teknologia berriak. Horretan bete-betean sartu gara, hori gabe ez baitzegoen etorkizunik lanbide honetan.
“Teknologia berrietan bete-betean sartu gara, hori gabe ez baitzegoen etorkizunik lanbide honetan.”
Nondik gatozen gogoratzeak laguntzen du orainaldian lan egiten eta, bereziki, aurrera begira jartzen. Gaskon Etxeberriak horri buruz hitz egin digu. 2016an hasi zen Oiartzon lanean eta 2018tik bertako zuzendaria da.
– Gaskon, nolakoa da Oiartzo, zuzendaritzatik ikusita?
Ez da asko aldatzen Oiartzo zuzendaritzatik ikusita edo irakasle bezala ikusita. Niretzako Oiartzo ikastola txiki bat da, gertukoa izan nahi duena, kalitatezko hezkuntza bat eskaintzen duena eta bere ikasleei etorkizuna eraikitzen lagundu nahi diena. Bai azpimarratuko nuke Oiartzoren inguruan dauden erakundeen irudia aldatzen dela: Orereta, Haurtzaro, Ikastolen Elkartea, udaletxeak, Hezkuntza Saila, EHU,… horien dimentsioa, zein estrategikoak diren, eta benetan nola eragiten diguten ikusi dut; eta hauen inguruko ikuspuntua aldatu zait.
– 4. urtea duzu zuzendari moduan. Zer irakatsi dizu postuak?
Asko. Orain Ikastola bat erakunde eta sistema gisa ikusten dut. Hezkuntza jardueraren atzean dauden prozesuak ezagutu ahal izan ditut. Ikustezina den hori guztia. Hezkuntzan eta ikastetxe baten jardueran eragiten duten aldagaiak hobeto ezagutzen ditut. Nire burua ere hobeto ezagutzen dut orain: lan-taldeak kudeatzerako orduan, gatazka egoeratan hartu ditzakedan jarrerak baloratzerakoan, etsipena edo frustrazioaren kudeaketan eta abar.
– 25 urte eta aurrera goaz. Zein erronka ditu Oiartzok aurrera begira jarrita?
Nik hiru erronka azpimarratuko nituzke. Lehenengoa integrazioa ikusten dut: jatorrizko bi Ikastolatan dugun presentzia eta bi Ikastolek gurean dutena handitzea. Oiartzok izaera propioa du eta hori positiboa da, baina Orereta, Haurtzarok eta Oiartzok elkar nahastuta proiektu politak egin ditzakegula uste dut.
Bigarren erronka lan-taldearen errelebua da. Hamar urtetan lan-taldearen %60-70a berritu beharrean da Oiartzo. Prozesu horren erdian gaude momentu honetan. Oso garrantzitsua da errelebu hori ondo egitea, hurrengo belaunaldiarekin talde on bat osatzea. 25 urtean oso talde indartsua egon da, Oiartzoren euskarri nagusia izan dira, eta lan horri jarraipena ematea belaunaldi berrien ardura da.
Eta azkeneko erronka bat aipatzekotan, nazioarterakotzea aipatuko nuke. Oiartzok nazioartera begira jarri behar duela uste dut, gauza interesgarriak lortu ditzakegu arlo horretan. Bide polita dago egiteko, gure ikasleen esperientzia asko aberastuko duena.
“Bide polita dago egiteko, gure ikasleen esperientzia asko aberastuko duena.”
Urteak urte, Oiartzo ikastetxea bere hezkuntza komunitateak egin du eta egiten jarraitzen du, Helenak eta Gaskonek dioten moduan; eta horri begira jarraituko dugu lanean aurrerantzean ere.
Zorionak, Oiartzo, 25. ikasturte borobila izan dadila aurtengoa ere!