BatxiLab: erronka eguna 1. mailan
Martxoaren 17an BatxiLab-en 3. edizioa izan zuten 1. mailako ikasleek. BatxiLab egunetan, DBHn jarraitzen den konpetentzia bidezko ikaskuntza bizitzen dute ikasleek, multidiziplinarrak diren proiektuak aurrera eramanaz.
Atzokoan, Oiartzoko sarrerako aparkalekua birdiseinatu zuten ikasleek. Horretarako, ikasgai desberdinetako ezagutzak bateratu zituzten taldetxotan: marrazketa teknikoa, ekonomia, biologia eta ingelesekoak, hain zuzen ere. Zereginen artean, plano gainean diseinu berria antolatzea, Errenteriako klimara egokituko diren landareen aukeraketa, Europear Komisioari dirulaguntza eskaera, eta proiektu guztiaren aurrekontu ekonomikoa egitea izan zituzten. Horrek denak ikuspegi ekologiko eta ekonomikotik jasangarria behar zuen izan, eta ikasle eta langileen behar desberdinak aintzat hartuta.
Talde lanean aritzeaz gain, elkarlanean aritu behar dute ikasleek horrelako egunetan. Bakoitzak bere abileziak eta ezagutzak eskaintzen dizkio taldeari, eta denen artean eramaten dituzte aurrera zereginak. Kasu honetan, ikastolako gerentziari aurkezteko moduko proiektua idatzi zuten taldeka, azpiegituren diseinuan adituak diren biologo, ekonomialari, ingeniero eta arkitektuak bailiran.
3. BatxiLab egunarekin amaitutzat emango dugu ikasturte honetako erronka bidezko lanketa. Hurrengo ikasturtean berriz!