“Larrututa” luzemetraiaren estreinaldia
Ostiralean Oiartzoko ikasle talde batek egindako “LARRUTUTA” filmaren premierra izan genuen ikastolan. Lanaren atzean 2. mailako IKT ikasgaiko ikasleak daude eta ia ikasturte osoa eman dute obra sortzen: ideiatik hasi, gidoia sortu, ekoizpenaz arduratu, grabatu, eta azken minutua muntatzeraino buru-belarri aritu dira gazteak Aner Olaizolaren zuzendaritzapean.
Hauexek dira Aner Olaizolak (zuzendaria) eta Hur Leturiak (antolatzailea) estreinaldiaren ondoren erantzundakoak.
– Zer da “Larrututa”? Nola sortu da proiektu hau?
– Aner Olaizola: “Larrututa”, larrutu aditzetik dator, xoxik gabe gelditzeari egiten dio erreferentzia. Ikasturte hasieran Jon Xabinek [IKT irakasleak] 2. ebaluazioko proiektua cyberbullingari buruzko bideo bat zela komentatu zidan eta, horren harira, laburmetraia bat iten utzi zigun, lehengo urtekoa ikusita. [aurreko ikasturtean etika ikasgaiaren baitan pertsonen salerosketaren inguruko laburmetraia egin zuten].
– Hur Leturia: Bideo labur bat izatetik, azkenean pelikula baten iraupena edukitzera iritsi da, eta asko gustatu zaigu nola geratu den.
– Zer sentitu duzue “premierrean”?
– A. O.: Estrenoa pasada bat izan da, nahiz eta ikus-entzunezko gelan ez den oso ondo entzun. Guk egindako pelikula zinean jendearekin ikustea bezalakoa izan da. Honen ondorioz, asko fijatu naiz jendearen erreakzioetan.
– H. L.: Lan handia hartu dugu filma egiten, eta premierrean denok ikusi eta gustatu zaiela ikustea oso berezia izan da taldeko denontzat.
– Nork hartu du parte filmean?
– A. O.: Gure IKT gelako ikasleok hartu dugu parte eta bakoitzak bere lana izan du [Hur Leturia, Ander Goenaga, Aner Olaizola, Oier Arano, Aiert Garro, Markel Muñoz, Iraitz Maritxalar, Xanet Zaldua, Ekaitz Iñigo, Beñat Susperregi, Eñaut Mitxelena, Urtzi Gonzalez, Ibai Ferradas, Guzman Martin].
– H. L.: Gure taldekoez gain, gure mailako beste ikaskide batzuek ere agertu dira filman [Maialen Iglesias, Aner Etxeberria, Pablo Miranda], eta Ximun Leturiak asko lagundu digu proiektuan [Hurren anaia eta ikasle ohia da, eta Mondragon Unibertsitateko materiala lortzeaz gain, grabaketan aritu da].
Bakoitzaren lana filmaren kredituetan dago: Aner Olaizola (zuzendaria, editorea, gidoilaria), Hur Leturia (antolatzailea), Ximun Leturia (ekoizlea, materialaren arduraduna, kameraria), Oier Arano (soinu teknikaria), Aiert Garro (soinu teknikaria)… Horiez gain, aktore asko agertu dira (horiek ere kredituetan daude). Bakoitzak bere lana zuen arren, denon artean proposatzen genituen gauzak, bai edizioan eta bai grabaketan, eta azken erabakia Anerrek hartzen zuen, bera baita filmaren zuzendaria.
– A.O.: Horretaz aparte, denok daukagu papertxo bat pelikulan: Ander eta Hur bi protagonistak dira eta gainontzekook 2. mailako pertsonaiak gara.
– Zein gai landu dituzue? Nondik etorri da inspirazioa?
– A. O.: Jon Xabinek bideoa egiteko hainbat gai eman zizkigun aukeran hasiera batean. Horietako bi online apustu etxeak eta internet bidezko estafak ziren eta, beraz, bi horien arteko nahasketa bat egitea erabaki genuen.
– H. L.: Pelikula gazte ludopata batekin hasten da, baina gero pokerraz haratago doan istorio bat kontatzen du. Gidoian eta pertsonaietan asko sakontzen ez duen arren, komedia eta akzioa nahastu ditugu, eta ongi geratzea lortu dugula iruditzen zaigu. Inspirazioa Jon Xabinek aukeran jarritako gaietatik etorri da eta gainontzekoa Anerrengandik.
– Nolakoa izan da filma sortzearen prozesua?
– A. O.: Filma oso antolaketa onarekin hasi genuen, baina azterketak hurbiltzen hasi zirenean inprobisatu egin genuen gehien bat, prozesua bukaeran oso kaotikoa izan da.
– H. L.: Esan bezala, lehenengo urtean zehar gidoia idazten eta pertsonaiak pentsatzen aritu ginen, eta gidoia bukatu gabe zegoela hasi ginen grabatzen. Hau da, zati asko inprobisatuak ala momentuan pentsatuak dira. Gero materiala lortu behar genuen, eta horretaz Ximun Leturia arduratu da. Grabaketaren kokapenak eta materiala lortzea ere ez zen lan erraza izan, eta denon artean egin genuen.
Martxoko bi asteburutan hiru eszena grabatu genituen, eta beste eszena guztiak aste santuan zehar, 6 egunetan (horien antolakuntzaz Hur arduratu da). Guztira 70 ordu inguru izan dira grabaketa, eta lan gogorra izan den arren, gustora egin dugu gehienok. Edizioan ere beste ordu asko eman ditu Anerrek (eta gainontzekook iradokizunak egiten. Azkenean premierraren eguneko goizeko ordu txikitan amaitu genuen edizioa eta ia lorik egin gabe joan gara Aner, Oier, Aiert eta Hur.
– Zein bide izango du zuen filmak hemendik aurrera?
– A. O.: Berez ez daukagu pentsatuta zer egin gure filmarekin. Gure plana ikastolan erakustea zen eta, hori lortu dugula, ikusiko dugu hemendik aurrera zer egin.
– H. L.: Oraingoz ez dugu pentsatua lehiaketa batera aurkeztea edo publikatzea, baina ez dugu aukera hori baztertzen. Gainera, publikatu ahal izateko egokitzapen batzuk egin beharko ditugu seguraski (Ertzaintzaren atalak, adibidez). Hala ere, asko poztu gaitu egin dugun proiektua Oiartzon erakusten utzi digutela, horrela, bertako irakasle eta ikasleengan oroitzapen ona utzi dugu, eta guretzat ere oso oroitzapen ona izango da.