Eleaniztasuna, paperetik ahora eta ikasgelatik mundura

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik, hala zioen Joxan Artzek. Eta hizkuntza bat ez da ikasten erabiltzen ez bada, hitz egiten ez bada, liburu, gramatika eta sintaxitik ahora pasatzen ez bada, hala diogu guk.

Oiartzo Ikastolan proiektu berria jarri dugu martxan ahozko komunikazioa lantzeko atzerriko hizkuntzan; zehazki, ingelesez eta frantsesez ahozkotasuna lantzeko: eTwinning, Europar Batasunaren Erasmus+ programak barne hartzen duen ekimenetako bat. Izenak (ingelesez) dioen bezala, bikote digitalak egitea da ekimenaren asmoa, online eta atzerriko hizkuntzan gai eta ekintza jakinak landu eta egiteko hango eta hemengo gazteen talde txikiak sortzea, hain justu.

eTwinning ekimeneko bi proiekturekin ekin zaio bideari Oiartzo Ikastolan: ingelesa landuko dute batekin eta frantsesa, berriz, bestearekin.  

Polonia – Kongo – Euskal Herria, gai sozialak hizketagai ingelesez

Aurten, hautazko irakasgai berria du Oiartzok batxilergoko lehen mailan: ahozko komunikazioa atzerriko hizkuntzan. Proiektu bidez landuko den irakasgaia da, konpetentziala oso (ahozkotasuna lantzea da helburu behinena, dena delakoa ere edukia). 23 ikaslek aukeratu dute irakasgaia eta haiek dira eTwinning proiektuetako batean buru-belarri dabiltzanak. Kongoko lizeo frantses internazional bateko eta Poloniako batxilergo-ikastetxe bateko beste hainbeste ikaslerekin gai sozialen gaineko hainbat online-eztabaida egingo dituzte ingelesez ikasturtean zehar. Urrian eTwinning proiektua bera, eztabaidakide izango dituztenak eta beste ikastetxeak ezagutu, norberak bere burua aurkeztu, eta debateetarako gaien ideia-zaparrada eginda, laster hasiko dira bideo-trukean eta ikasturtean zeharreko aurrez aurreko hizketaldietarako lehen hitzorduak ere jartzen.

Reunion irla – Euskal Herria, ikastetxeak hobetzeko proposamenak frantsesez

Hautazko irakasgai moduan frantsesa egiten duten Oiartzoko lehenengo zein bigarren mailako ikasleek material digitala (bideoak, aurkezpenak…) sortu eta Reunion irlako ikasle-talde batekin partekatuko dute. Haien, reuniondarren, ohiko hizkuntza frantsesa denez (ez badu ere zertan ama hizkuntza izan), gaztelaniaz sortuko dute oiartzoarrei helaraziko dieten materiala. Denek landuko dute atzerriko hizkuntza: batzuek gaztelania eta beste batzuek, berriz, frantsesa. Ikastetxeak hobetzeko proiektuak landu eta elkarri horren berri emango diete. Reuniondarren lehena beren ikastetxeko patio ekologikoaren aurkezpena izango da. Gureena, hortik abiatuta, Oiartzoko patio amestua irudikatzekoa.

Hizkuntzak ikasteko bezala, honek guztiak ere bere denbora, ahalegina, amorrazioak eta pozak beharko ditu. Guztiaren gainetik, egin dezala bidea; eta ahal dela, luzea.