Orientazioa

Ikasturteko Orientazio Plangintza jarraitzen da, ezberdina maila bakoitzean. Ikasleek batxilergoa amaitutakoan hartu beharreko erabakien inguruko  gaiak jorratzen dira, informazioa partekatzen da eta kanpo-ekintza ezberdinak burutzen dira.  Batxilergoko ikasleen adinari eta ikasketei loturiko bestelako gaiak ere txertatzen dira egutegian, ikastolaz kanpoko profesionalen parte-hartzearekin.

  • ORIENTAZIO-SAIO OROKORRAK: Gelaka egiten dira, eskola-ordutegian. Orientatzaileak garaian garaiko argibideak ematen ditu eta informazioa eskura jartzen da. Saio batzuetan zuzendaritza eta tutoreak ere parte-hartzen dute.
  • TALDEKAKO ORIENTAZIO-ELKARRIZKETAK: Moodle plataformaren bidez ikasle bakoitzari galdeketa bat luzatzen zaio etorkizuneko bere asmoen inguruan. Horrela interesen araberako taldeak egin eta ikasleak etorkizuneko ikasketa horiei buruzko informazioa jasoko dute ikasle-ohien ahotik: ibilbide akademikoa, baldintzak, eginbeharrak, zailtasunak, lorpenak, bestelakoak…
  • BAKARKAKO ORIENTAZIO-ELKARRIZKETAK: Bestalde, ikasturtean zehar bigarren mailako ikasleek, banaka, orientatzailearekin biltzeko hitzordu bat dute finkatua. Beharraren arabera ematen zaie jarraipena bakarkako bilera hauei eta ikasleak berak nahi duenean ere badu orientatzaileari beste hitzordu bat eskatzeko aukera. Horretarako ordutegi bat eta eskaera orriak daude.
  • KORREO-ELEKTRONIKOA: Orientatzailearekin harremanetan jartzeko bide zuzena da. Gainera ikastolara heltzen diren ikasketei buruzko informazio anitza zabaltzeko ere balio du: [email protected]
  • ORIENTAZIO-GALDEKETAK ON-LINE (Oiartzoko moodle plataforman): Galdetegiak zabaltzen zaizkie ikasleei euren interesak jasotzeko, jarraipena egiteko eta baita parte hartu nahi duten ekintzetan izena emateko ere, besteak beste.
  • ORIENTAZIO-AURKEZPENAK: Zenbait Unibertsitate eta Ikastetxek etorkizuneko graduei eta zikloei buruzko aurkezpenak eskaintzen dituzte. Horietatik batzuk Oiartzo Batxilergoko Ikastolan bertan burutzen dira, eskola ordutan. Beste batzuk berriz kanpoan, Unibertsitate edo Lanbide Heziketako ikastetxe horietan. Haietara joaten gara.
  • ORIENTAZIO-IRTEERAK: Euskal Herriko Unibertsitateak ateak zabaltzen dituen egunetan irteerak antolatzen dira campusetara. Ikastolak bultzatutako irteera hauek martxoan izaten dira eta arratsaldez. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetara joaten gara aurrez izena emandako ikasleekin. Irteera Oiartzotik bertatik izaten da eta itzulera herriko ohiko geltokietan.

1. MAILA

1. MAILAKO ORIENTAZIO PLANGINTZA

2. MAILA

2. MAILAKO ORIENTAZIO PLANGINTZA