Ikasleak Tabakaleran
“Zin Ex. Gorputza eta arkitektura” zinema hedatuaren inguruko erakusketa bisitatu genuen urriaren 7an. Artearen Historia ikasgaian arte garaikidea lantzen dugu lehenik eta oraingoan ikus-entzunezkoen esperientzia bizi ahal izan genuen pasa den ostegunean Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Bereziki gorputzari eta botere-harremanei loturiko artelanak entzun, ikusi eta sentitutakoaz hausnartzera gonbidatu gintuen dinamizatzaileak. Bere galderek eta espazioaren antolaketa atseginak solasaldia erraztu zuten.
Horrela, 70. hamarkada geroztiko emakumezko artisten eskutik: Ana Mendieta, Victoria Santa Cruz, Faith wilding… oraindik lantzeke ditugun gai ugari azaleratu zitzaizkigun eta batzuk ikasleek beraiek osatutako Performance ariketa batean gorpuztu ahal izan zituzten!
Aner Etxeberria (ikaslea)
Tabakalerara egin dugun bisita interesgarria izan da. Kulturgune bat ikusi dugu, arte erakusketa bat hain zuzen ere. “Performance” eta arte ezberdinak ikusi eta haiekin experimentatzeko aukera izan dugu, gehienbat, ikusleari pentsarazteko helburua duten obrak. Ikusi dugun obra bakoitzeko eta egin dugun ariketa bakoitzeko hausnarketa bat ere egin dugu, eta horrek bisita interesgarria eta aberasgarria egin du. Ohikoak ez diren eta ikustera ohituta ez gauden gauzak ikusi ditugu, obra guztiek atzetik mezu bat dutela ikasiz. Ikusi ditugun lanak ez ziren hutsak, denek helburu bat zuten, ikuslearengan inpaktatzeko helburua, eta hausnarketa sakon bat egitera eraman gaituzte.
Erakusketari buruzko informazio gehiago Tabakalerako webgunean.