Ikastolako hiru ikasle 2023-24 ikasturteko batxilergoko sari berezien artean
Iaz batxilergoa Oiartzo Ikastolan bukatu zuten Maider Otegi, Jon Cecilia eta Manex Irigoien dira Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak banatu berri dituen 2023-24 ikasturteko batxilergoko sari berezietako hiru jaso dituztenak. EAEko 16 gaztek jaso dute aintzatespena gaur Gasteizen egin den ekitaldian; tartean, esan bezala, Maider, Jon eta Manexek, gipuzkoar bakarrak.
Iaz EAEn batxilergoko bigarren mailan aritu ziren 454 ikaslek hartu zuten parte batxilergo bereziak saritzeko probetan. Parte-hartzaile guztiek betetzen zuten batxilergoan 8,75 puntuko edo hortik gorako batez besteko kalifikazioa lortu izanaren baldintza. Probak ekainaren 13an egin ziren, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Azterketak hiru ariketaz osatuta zeuden (batxilergoko modalitatearen berezko jakintzagai bati lotutako proba bat, eta hizkuntzei lotutako bi proba: euskara edo gaztelania, eta atzerriko hizkuntza). Azkenik, puntuaziorik onena lortu zuten 16 ikasleek, esan bezala, gaur jaso dute Gasteizen saria.
Bejondeizuela, Maider, Jon eta Manex! Besarkada bana eta etorkizun on!