Lehen sorospenerako arreta-eskolak herriko kirol elkarteentzat, ikasleen eskutik

Orain sei urte lehen sorospena eskola-curriculum-ean txertatu eta geroztik Ikastolako bertako langileekin eta eskualdeko zein Euskal Herriko hainbat Ikastola eta ikastetxetan ere formazio-saioak egin ondoren, herriko kirol elkarteekin hastea izan da hurrengo pausoa

Emergentziak Osakidetza eta EHUko Donostiako Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen laguntzari esker, 2018-19 ikasturtean txertatu zuen Orereta-Oiartzo Ikastolak lehen sorospenerako arreta bere eskola-curriculum-ean. Euskal Herriko lehen ikastetxea izan zen hori egiten. Geroztik, DBHko eta batxilergoko ikasleek eta Ikastolako langileek formazio-saioak egiten dituzte bi urtero (formazio iraunkorra eta eguneratua). Ikastolako eraikin bakoitzean desfibriladore bana jarrita dago, egoitza bakoitzak badu bere ekintza-protokoloa, eta suspertzea nola egin ikasteko hogeita hamar panpin ere badira Ikastolan.

Ikastolakideak zehazki eta herritarrak orokorrean osasun-arretan ahalduntzea da helburua. Izan ere, hainbat gairen gaineko kontzientzia hartzeko zein nor bere burua nahiz ingurukoak laguntzeko eta artatzeko aukera ematen du horrek; garrantzitsuak aipatutako guztiak, besteak beste, gizarte arduratsua eta solidarioa eraikitzeko.

Helburu hori jomugan, eta autonomia eta konpetentziak landuz ikasleak beraiek proiektuaren protagonista eginez, bidea egiten ari da egitasmoa: bi urtero beraiek jasotzen duten formazio-saioa oinarri, ikasleak beraiek bihurtzen dira hezitzaile. Ikasleak ahaldundu, Ikastolak gizarteari ekarpena egin, herritarrak ahaldundu; horixe triangelukatzea: elkarlana eta komunitatea. Hala batu ziren bidera eskualdeko eta Euskal Herriko hainbat Ikastola eta ikastetxe, eta orain Orereta-Errenteriako kirol elkarteak.

Hasiak dira kirol elkarteetako lehen formazio-saioak

Aipatu bezala, lehen sorospenerako arreta eskola-curriculum-ean txertatuta, eskualdeko eta Euskal Herriko hainbat Ikastola eta ikastetxetako formazio-saioak heldu ziren lehenik eta, orain, hurrengo pauso gisa, Orereta-Errenteriako hainbat kirol elkartetako zuzendaritzako kide eta teknikarienak. Touring KE, Hibaika arraun elkartea, Ereintza eskubaloi taldea, Urdaburu mendizale elkartea, Oarsotri triatloi taldea eta CAR (Club Atlético Renteria) izango dira, momentuz, ekimenean parte hartuko dutenak. Touring KE-ko formazio-saioak pasa den azaroaren 27an eta 28an egin ziren, abenduaren 12an eta 18an izango da Hibaikakoen eta Ereintzakoen txanda hurrenez hurren, eta gainontzekoak urtarriletik aurrera helduko dira. Hasteko, aipatu berri diren sei kirol elkarteekin jarri da harremanetan Orereta-Oiartzo Ikastola eta etorkizunean gehiagoren atea ere jotzea da asmoa, ekimena zabaltze aldera.

Udala: “Ikasleak dira formazio-saioak gidatzen dituztenak eta horrek beren ahalduntzean laguntzen du”

Udalari interesgarria iruditzen zaio halako ekimenak antolatu eta egitea. Alde batetik, praktikoak eta erabilgarriak direlako; bereziki kirol arloan dabiltzan elkarteentzako, osasunarekin harreman zuzena baitute. Bestetik, ikasleak direlako formazio-saioak gidatzen dituztenak eta horrek beren ahalduntzean laguntzen duelako.


* Argazkian, herriko kirol elkarteetako (Urdaburu mendizale elkartea, Ereintza eskubaloi taldea, Hibaika arraun elkartea eta Oarsotri triatoi taldea) ordezkariak, udal ordezkaria (Leire Mazizior Egilegor) eta Orereta-Oiartzoko ikasle eta ordezkariak (Uxue Bengoetxea Ansa, Unax Arcelus Garcia, Unax Zabaleta Bernal eta Aner Arbelaitz Jacinto; eta Egoitz Verdugo Markotegi eta Aitor Perez Garbizu).