Udaberriko txangoak
Bigarren batxilergoko Frantseseko ikasleak martxoaren 21etik 24ra Parisera egin zuten bidaia eta gainerako ikasle guztiak martxoaren 23an txango ezberdinetara joan ziren.
Joan den astean, martxoaren 21etik 24ra, Oiartzoko 2. mailako Frantseseko ikasleak Parisera bidaia egin dute ikasgelan ikasitakoa praktikan jartzeko. Ingeleseko eta Frantseseko irakaslearekin eta Biologiako irakaslearekin joan dira.
Lehenengo egunean Parisera iritsi eta inguruan bazkaldu ondoren, hainbat leku bisitatzera joan ziren: Canal St Martin, Place de la République, Place des Vosges, Centre Pompidou, Hôtel de Ville eta Champs Elysées. Bertan afaldu ondoren, metroa hartu eta Eiffel dorrea bisitatzera joan ziren gauez.
Martxoaren 22an, metroko hainbat linea itxita zeudela jakinarazi zieten gauza susmagarri arriskutsu batengatik. Beraz, bidea oinez egin behar izan zuten, eta autobus turistikotik ere jaitsi behar izan zuten kaleren bat itxita zegoelako, hura ere maleta susmagarri batengatik. Gauzak horrela, autobusez egitea antolatuta zegoen bidea oinez egin behar izan zuten. Nôtre Dame inguruan bazkaldu ondoren, Shakespeare & Company liburudenda ospetsua, Nôtre Dame Katedrala, eta BATOBUS bidez Sena ibaia eta inguruak bisitatu zituzten. Bastillen afaldu eta ostatura itzuli ziren.
Hurrengo egunean, 23an Montmartreraino joan ziren. Sacre Coeur, Place du Tertre (bertan bazkaldu zuten), Rue Lépic, Place des Abbesses, Place Clichy (Moulin Rouge) eta Pigalle bisitatutakoan, Les Halles merkatalgunera joan ziren. Han denbora librea izan ondoren, Louvre museorantz abiatu ziren. Bidean Place Vendôme zeharkatu zuten. Louvre museoan talde osoa Mona Lisa koadroa ikustera joan zen eta ondoren, ikasleek denbora librea izan zuten museoa nahi bezala ikusteko. Eguna amaitzeko Quartier Latinen afaldu zuten.
Azken egunean, 24an, nahi zuten ikasleak Biologia irakaslearekin Cité de sciences et de l’industrie eta Géode bisitatzera joan ziren. Ondoren, denek elkarrekin metroa hartu eta Monparnasseko tren geltokira joan ziren. Maletak uzteko konsignak itxita zeudenez, maletak zaintzeko talde txikitan banatu eta besteak inguruan zeuden Edgar Quinet Boulevardeko merkatua eta Cimitière de Montparnasse bisitatzera joan ziren. Inguruan bazkaldu ondoren, 15:52an trena hartu eta 20:35ean iritsi ziren Hendaiara, bidaiaren amaierara.
Oiartzon bitartean, klaseen erritmoa ez zen batere aldatu, baina ostiralean hustu egin zen gainerako ikasle guztiak txango askotara joan zirelako:
Biologiako ikasleak Donostiako Onkologikora joan ziren. Minbiziari buruzko hitzaldi interesgarri bat entzun zuten han. Minbiziaren sintomak eta ondorioak azaldu zizkieten eta minbizia ez dela kutsagarria ere aipatu zuten, izan ere, Interneten sarritan irakurri ohi den kontakizun faltsua baita. Jarraian, Onkologikoko hainbat aretotan hango langileek beren funtzioa azaldu zieten.
Marrazketako ikasleak Gasteizera joan ziren metro, arkatz eta koaderno banarekin. Beren zeregina Gasteizko katedralean dauden hainbat estatua eta Foruen plaza neurtzea eta marraztea izan zen. Gogor aritu ziren lanean neurriak hartuz eta marrazkiak ahalik eta txukunen ateratzeko sekulako esfortzua eginez, nahiz eta eguraldia lagun izan ez.
Lehenengo batxilergoko Frantseseko ikasleak Baionara joan ziren. Hango jendeari galdera sorta bat egin, eta lan bat egin behar dute gero. Orokorrean oso ondo pasa zuten eta irakasleak gustura egon ziren.
Bukatzeko, letretako ikasle guztiak Legazpiko Mirandaolako burdinolara joan ziren. Haien iritziz, oso dibertigarria izan zen eta asko gustatu zitzaien. Txillidaren lantegia bisitatu zuten eta gero Francoren garaiko eskola batera joan ziren. Eskolan garai hartako araudia, jokoak eta bizimodua esplikatu zizkieten.